XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inperialismoak eta honen babesean hazitako bertako kazikismoak bortxatu eta desohoretu dizkiguten gure euskal udalherriok errekonbertitu eta berbiztu egin behar ditugu.

Hori izan behar dugu kezkarik behinenetako bezala gure Euskadi Sozialista eta autogestionalaren aldeko burruka honetan.

Euskal udal bizitzak birbereganatu egin behar ditu benetako demokraziaren erabideak.

Horretarako ekintzabide batzuk ematen saiatuko gara, guztiak eztabaidagarri eta hobegarriak badira ere.

Udal problematikaren zuzenketa, bi eratara egin behar dela ulertzen da: hautapenez eta atributoz.

Hautapenezko bideak: Hauteskundeei, postu uzteei, adosezintasunei, etc, dagozkienak.

Atributozkoak: Herri edo leku mailan geratu behar duten erabakitzeko, fiskalizatzeko, heziketarako, etc, behar diren atributoak esan nahi da.

HAUTESKUNDEEI BURUZ Hirurenez (tercio) hautatzeko sistema eliminatu egingo da.

Botoemaileak, herrian bizi eta bertan enpadronaturik dauden 18 urtetatik gorako, eta behar hainako ahalmenezko herritar guztiak izanen dira.

Hautagarriak, hau izanen dira: kontseilaritzarako, 18 urtetatik gorakoak, enpadronaturik badaude eta herrian bizitzen gutienez hiru urte egin badituzte.

Alkatetzarako: 23 urtetatik gorako edozein herritar, enpadronaturik baldin badago eta herrian bizitzen azken 5 urtetatik gora badarama.

Bai kontseilaritzarako eta bai alkatetzarako kandidato direnek, Euskararen ezagupenari dagokionez, Berreuskalduntzeko ponentzian onhartutakoa bete behar dute.

Hauteskundeen eraginez, udalherriak hiru taldetan banatu ohi dira: 15.000 bizilagunetatik beherakoak edo gorakoak eta 160.000-tik gorako udalherri edo hiriak.

15.000 bizilagunetatik gorako udalherrietan distrito naturalak (hauzuneak) egingo dira, distrito bakoitzean udal ordezkariak (kontseilariak), sistema proportzional batez, bertako lagunen artean hauta ditzaten.

Alkatea, herriko bizilagun guztien botoemate orokorraz hautatua izanen da.

100.000 baino bizilagun gehiagoko udalherri eta hirietan, eta Bilbon bereziki, federazio gisara moldatu beharko da,(...).